XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4.1.- SARRERA.

Orain arteko ikasgaietan, kimika zer den, materia atomoz nola osatuta dagoen eta atomo hauen barne-antolamendua nolakoa den ikusi ditugu.

Ikasgai honetan atomo, elementu eta molekulen zenbait propietate berezi aztertuko ditugu laburki.

4.2.- IKUR ETA FORMULAK.

XIX. menderarte, orduan ezagutzen ziren elementu eta substantzia desberdinak irudikatzeko zenbait ikur erabiltzen zen.

Substantzia eta elementu bakoitzak bere ikur propioa zuen; besteez desberdintzen zuen ikurra.

Gauza nabaria da, ezagutzen ziren substantzia eta elementuen kopurua handituz joan ahala, hauetako bakoitzari ikur propio eta berezko bat ematea ez zela oso erabilgarria.

Ikurrak asko ugalduko liratekeenez, denbora laburrean txinatarren alfabetoaren moduko bat izango genuke.

Hieroglifiko moduko zerbait izango genuke azken finean.

Zilegi da guztiz, substantzia eta elementu desberdinak adierazteko sistematizazio bat proposatzea.

BERZELIUS, JONS JACOB.

(Vampauml;versunda, Sorgard, 1779 - Stockholm 1848).

Kimikari suediar erraldoi hau ez zen oso ikasle ona bere gazte denboran eta nekeza gertatu zitzaion medikuntz ikasketak bukatzea.

Hala eta guztiz ere urte gutxitan bere garaiko kimikari famatuen eta ospetsuen bilakatu zen.

Kimikaren esparruan oso zabala izan zen bere lana eta kimikaren alor guztiak ukitu zituela esan daiteke.

Proust-en legea hamaika esperimentu eginez guztiz frogatua utzi zuen.

Bestalde, Dalton-en teoria atomikoaren defendatzaile eta bultzatzaile sutsu izan zen.

1828. urtean pisu atomikoen lehenengo taula zehatza argitara eman zuen.